XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Katalanaren lege berriarekin aurrera egin nahi duela esan du Generalitateak

Enpresariek eta merkatariek ez dute nahi araua betetzen ez duena zigortua izatea

Kataluniako Gobernuko kontseilari guztiek aho batez uste dute katalanaren erabilera bultzatzeko lege berri bat dela, atzo Generalitateko iturriek ziurtatu zutenez.

Legea prestatzen ari den parlamentari taldea era guztietako iritziak jasotzen ari da egun hauetan.

Atzo enpresarien, merkatarien eta sindikatuen txanda izan zen.

Erredakzioa / Donostia

BARTZELONAKO La Vanguardia egunkariak atzo kaleratu zuenez, Generalitateko hainbat kontseilarik eskatu omen diote Jordi Pujol presidenteari katalanaren lege berriaren prestakuntza beste baterako uztea.

Kontseilari horiek argudiatuko luketenez, Gobernuak edo legearen testua prestatzen duen diputatu taldeak ez du dagoeneko eztabaida kontrolatzen, lege berriaren aldekoen eta aurkakoen arteko eztabaida sortzen ari baita gizartean.

Joan Maria Pujals Kultura sailburuak, Xavier Hernandez Hezkuntzakoak eta Lluis Jou Hizkuntz Politikarako zuzendariak, ordea, gezurtatu egin zuten atzo egunkariak argitaratutakoa.

Hiru horien ustez, kontseilari guztiak ados daude lege berri bat dela esatean eta ez zaizkio Pujoli kexatu.

Atzo, ponentziako buru izatea zegokion Rafael Ribo Iniciativa per Catalunyako (IC) presidenteak ere nabarmendu zuen talde guztiek, aho batez, lanean jarraitzeko asmoa adierazi dutela.

Ildo beretik mintzatu zen Ramon Camp CiUko ordezkaria.

La Vanguardiaren arabera taldearen desegitea eskatzeko asmoa duen PPren aldetik, berriz, Josep Curtok, talde parlamentarioko buruak, onartu zuen diputatu talde batek agian asmo hori duela, baina PPk aukera aztertzen ez duela gaineratu zuen.

Enpresariak eta merkatariak zigorren aurka daude

Eztabaidatik kanpo, katalanaren lege berria aztertzen ari den taldeak Kataluniako gizarte, kultura eta ekonomi sektoreen iritzia bereganatzen jarraitzen du.

Atzo, patronaletako ordezkariak, merkatarienak eta 13 merkataritza ganbaretakoak azaldu ziren Legebiltzarrera.

Merkatariek eta enpresariek bat egin zuten beren arloetan katalanak leku gehiago behar duela esatean, baina helburu hori lortzeko 1993ko Kontsumitzaileen Estatutua nahikoa dela gehitu zuten.

Lege honek dio kontsumitzaileek eta erabiltzaileek gazteleraz zein katalanez artatutak izateko eskubidea dutela, baina hori lortzeko bidea sektore bakoitzean eztabaidatu beharrekoa dela zehazten du.

Hau dela eta, lege berriak inorentzat zigorrik ez aurrikustea galdegin zuen.

USO, CGT eta USTEC-CATC sindikatuetako ordezkariek onartu egin zuten lan munduan katalana gutxi erabiltzen dela.